- ekitaldia hau amaitu da.
FERNANDO BEIZTEGUI & Hammond Lovers
19 urria|8:00 pm-10:30 pm
Fernando Beiztegui ezagutzen ez dutenentzat, esan dezagun blues elektrikoan zein akustikoan aise mugitzen den gitarrista eta blues abeslari moldakorra dela. Hori bai, feeling, errespetu eta generoarekiko maitasun handiz interpretatzen duen estilo honen kanon tradizionalen barruan. Penintsulako hegoaldeko bluesmana, gardentasunaren zaindaritzat hartzen dute zenbait hedabidek.
Beizteguik bizitza osoa darama jokalekuetan jaioterriko Granadan lehen kontzertuak ematen hasi zenetik, eta estatuko eta nazioarteko musikari eta talde handiekin partekatu ditu astiak zein agertokiak. Gitarraren maisutasunak eta ahotsaren urratuak ezinbestekoa egiten dute hainbat jaialditan.
Ezagunak diren arren erakargarritasunik galtzen ez duten bluesaren bidezidor horietatik igarotzen da bere zuzenekoa, eta bluesman andaluziar bikain honekin eta berarekin ari diren musikariekin abiatzen dira entzuleak diskoko abesti guztietan, guztiak direlako gustu onez, dotoreziaz, groove ugariz eta grina sutsuz interpretatuak. Txokolatea baino, makadama baino, pentagramen gainean putz egin zuen jainko zahar baten aurpegia baino beltzagoa da musika hau.
Oraingoan, Fernando Beizteguik bereak eta Alex Serrano teklajolearenak diren konposizioak dakartzan diskoa aurkezten digu. Alex Serranok beti ondo laguntzen du hammondean, pianoan eta klabezinean, lan soila eta aipagarria egiten duela. Dani Levy baxuan pultsio bikain eta nabarmenez. Cote Colmet baterian. Bi musikariok ezinbesteko oinarria dira protagonista nagusientzat: Alex Serrano eta bereziki Fernando Beiztegui, proiektuaren lider ukaezina.
Marked Cards dugu bere azken bildumaren izenburua, eta hala da gainera. Fernando Beizteguik karta markatuekin jokatzen du. Irudi luke karta sorta koloregabetu eta higatua daramala sakelan, egun urrun batean John Mayallek Ingalaterra logaletuaren pubetan jaiotako blues zuriarekin jokatu zuenekoa.
Partida hasi da eta Beizteguik karta irabazleak ditu, dena aztertu du bere Hammond Lovers bandarekin, eta horiek ondoan dituela ez du inoiz galtzen.