Ekitaldiak kargatzen

« Ekitaldiak guztiak

  • ekitaldia hau amaitu da.

Hutsun + Jel Trio

11 urria|7:30 pm-10:30 pm

XXVII. FIRA MEDITERRANIA DE MANRESA

Tango baten sentsualitatea, txalapartaren oihartzun aintzineko, sakon eta betierekoa eta jazz-aren distira jostagarri eta ezustekoz betea naturaltasun eta dotorezia ezin handiagoz nahasten dira Hutsun + JEL Trio taldeak sinatutako disko honetan. Kuriostasunak gidari, ausart, soinu berrien bila etengabeko bilaketa horren ondorioz doinu bilduma sailkaezina eskaintzen digute bertan. “Artze”, gure artista handienetako baten omenezko izenpean datorren disko honek milaka irakurketa aukera ezberdin gordetzen ditu barnean. Bildumari izen ematen dion txalaparta soileko doinu instrumental ederraren inguruan estiloen arteko harreman aberatsa ematen da gure aurrean, erakustaldi teknikoak alde batera utzi eta haren ordez entzulearekiko komunikazioa eta emozioa eraginez beti. Bereziki aipagarria da “Libertango”-ren bertsioa, bibrafonozko ekarpen zoragarriz hornituta eta biziki hunkigarria.

Proiektu hau, ibilbide anitz eta luzeko hiru jazz musikari eta Hutsun txalapartarien arteko kolaborazioan sustraitzen da. Jazz hirukotea Javier López Laso akordeoian, Marcelo Escrich kontrabaxuan eta Juanma Urriza baterian osatzen dute. Javier, egungo akordeoi jole garrantzitsuenetako bat dela esan daiteke, eta azken urteetan jazz estilora eta inprobisaziora hurbildu den heinean artista sorta zabal eta anitz batekin aritu izan da elkarlanean. Haien artean Vincent Thomas, Iñaki Askunce, Alberto Arteta, Jorge Pardo, Mikel, David Johnstone edota Catalín Bucataru ditugu. Bestalde Madrileko Canal de Isabel II-ko Fundazioa saria irabazi du bere New Mod Trio taldearekin.  Marcelo Argentinan jaio zen eta bertan gitarra klasikoko ikasketak burutu ere, handik Nafarrora etorrita, Alexander Mickolazyw  irakaslearekin Kontserbatorio nagusiko jazz goi gradua eskuratu zuen. Tango soinuak biziki eta sakonki landu izan ditu Trio Volpe taldearekin eta Miguel Angel Remiro Cuarteto, Caco Santolaya, Jorge Berges edo Miguel Salvador moduko artisten grabaketetan parte hartu du. Egun Barañaingo Luis Morondo udal eskolako Big Band taldearen zuzendaria da.  Dani bere aldetik Nafarroako Kontserbatorio Goreneko lizentziatua da eta Robin Eubanks, Masa Kamaguchi edota Bruce Saunders moduko ospe internazionaleko artistekin jo izan du eta estilo anitzeko proiektuetan parte hartzen du ere, haien artean Tracción, Broken Brothers Brass Band, Animal Blues eta Prehistoric Mermaid direlarik. Azkenik Hutsun Tcalaparta Taldea 2011an sortu zen eta Mikel Urrutia eta Anai Gambrak osatzen dute. 2013an Iruñea inguruko udaletxeek antolatutako “Certamen de Música” ekitaldiaren irabazle izan ziren “Txalaparta Hutsa” lanari esker eta eskolatan kontzertu didaktikoak ematen dituzte, ikerketa eta arte sormenaren hedapenaren bila beti.

Agian Hutsun + JEL Trio proiektuaren eskaintza ez da horren ezustekoa eta oldarkorra izango entzule askorentzat. Ohituta bait gaude era guztietako esperimentu tekniko bitxi, hutsal eta aspergarriak edonon aurkitzera. “Artze”-ren emaitzak dira hemen ezustekoak eta hunkitzen gaituztenak, eta hori da benetako balioa duena. Musika zintzoa, ausarta, ederra eta guztiz inspiratzailea gordetzen da disko honetan zure belarrien zain

Xehetasunak

Data:
11 urria
Ordua:
7:30 pm-10:30 pm

Egoitza

Manresa, Plana de l´Om
Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com