- ekitaldia hau amaitu da.
Irati Bilbao
4 uztaila|10:00 pm-11:00 pm
“Badakizu… Noten artean, notak!” esaten zuen Sarah Vaughnek. Izan ere, une magiko bezain errepikaezina sortzen dute kantariek noten arteko espazioa probestuz. Segundo bakoitzeko planteatzen den zalantza da. Eta Gershwinek zioen bezala, bat-batean, noten arteko espazio murritz hori, denbora estu hori, espaziorik onena bihurtzen da jazz kantariaren sormenerako. Nolabait, jazza bezalakoa da bizitza: hobea da inprobisatu ezkero.
Kultur Kudeaketan eta Artearen Historian graduatua, uste izatekoa zen Irati Bilbaoren musika-karrera beste ibilbide batzuetan barrena garatzen ahal zela. Apur bat pentsatuta —Musikenen hartu zuen formakuntza sendoa menostu barik—, handik pasatu izan ez balitz ere zaila izango zela, uste dugu, Durangoko abeslari gazte honen talentua oharkabean galtzea musika onaren zaletuentzat.
Irati Bilbaok hainbat proiektutan gauzatu du musikarako sena: Irati Bilbao Quintet, Ekuru, Bilbao Lindy Band, Reunu, Swingtronix… Estudioko grabazioetan abeslari gisa jardun izan du, Ahots Argiak eta Gospel Six abesbatzetan ere bai. Bada zerbait.
Ibili horren guztiaren emaitza da bere aurreneko lan hau, Begin.
Disko bikaina inondik ere. Figura sonatuen eraginen artean, Irati Bilbaok abeslari handi baten jazz kontzeptu delikatua, kosmopolita eta bere-berea eskaintzen digu. Babesgarri, pianoan Jorge Fernandez, No Land Trioko kide den Eva Alcaide gitarrista madrildarra, Carlos Montul baxua eta Aitor Bravo bateriajole arabarra. Talde bikain eta zaildua baita, indartu eta nabarmendu egiten du Irati Bilbaok moldatzaile eta konpositore gisa burututako lan ederra.
“Anxious” abestiak dotore eta kezkagarri urratzen du bidea, Sam Rivers saxofoijole iparramerikarraren “Beatrice” ikuspuntu berri batetik landuz. “The first time I heard Ella/My baby likes the bebop”en sarrera gozoak eta Ella Fitzgeralden tributu berezi moduan egindako moldaketek agerian uzten dituzte Irati Bilbaoren ahots teknika eta scatean duen trebetasuna. Eta baita taldearen maila handia ere. Brian Blade bateriajolearen “Stoner Hill” zoragarriak dimentsio berri bat hartzen du taldearen interpretazioaz eta melodiari txertatu zaion testuaz. Blossom Dearie abeslari eta pianojoleak ezagun egin zuen “I ‘m Hip” sonatua swingean barrena garatu du Irati Bilbaok scat beldurgarri baten azpian. Berak sinatu eta moldatutako “Hopefully my prince won ‘t come” ederrak zarratzen du lan oparo hau.
Horixe da Begin, Irati Bilbao bizi den espazioa, bere begian hartu ahal izan dituen une magiko eta errepikaezinen multzo bat, nota artean dagoen misterioa argitzeko gonbidapena, segundo bakoitzari planteatzen zaion zalantza hori: benetako jazz abeslariek bakarrik trenka lezaketena. Oiartzungo Mecca Recording Studiosen grabatua da Begin.