Kontzertuak kargatzen

« Kontzertuak guztiak

  • Kontzertua hau amaitu da.

Juan de Diego ” Grebalariak”

4 uztaila|7:00 pm-11:00 pm

Juan De Diego, tronpeta jotzaile bilbotar nekaezin eta oparoa, bueltan dator proiektu berri batekin eta hori beti gauza pozgarria da bere jazz ausart, dotore eta ñabarduraz betea maite dugun guziontzat. Oraingo honetan, ohiko kalitate maila altuan eta estreinako aldiz, laukote akustiko moduan (piano, kontrabaxu, bateria eta tronpeta) grabatu du Grebalariak izeneko disko hau. Bertan, Juanek erabilitako patxadari esker, soinuek tapiz moduko ehundura ederra zein modu delikatuz sortzen duten ikusi eta gozatu ahal izateko aukera ezin hobea izango dugu. Beb-bop itxura klasikoko oinarri batetik abiatuta eta bizitasun geldiezinez, hori baino askoz musika jario zabalagoa da Juanena. Oinarrizko hizkuntza horretaz muineraino blaitu eta haren aukera mugaezinez baliatuz egindako esplorazio pertsonal paregabea, azken batetan. Jazz purua.

Grebalariak berezko 10 konposizioez osatuta dago, eta hiru artista bikain eta erakargarrien ekarpenaz aberastuta dator: Toni Vaquer piano jole mallorcarra, Pere Loewe kontrabaxu jolea eta Ramon Prats bateria jolea. Perek, David Allyn, Gorka Benítez, Chano Domínguez edota Perico Sambeat moduko artistekin lan egin du eta hainbat Big Band eta Orkestren partaide izan da ere, Bartzelonako Goi Kontserbatoriokoa edo Lleidako Julià Carbonell haien artean. Ramón, Escola Superior de Música de Catalunyako (ESMUC) tituluduna da eta Adel Lee Davis Big Band, Mediterraneum Ensemble, Liquid Trio, Sindicato Ornette, Movin’ Wes, MAP, Morgat Morgat taldeetan aritu izan da sideman bezela, besteak beste. Bereziki aipagarria da Albert Cirera bateriajolearekin batera eratzen duen Duot bikote inprobisatzailea. Azkenik, Toni, egungo piano munduan promes handieneko artistetako bat da; Conservatori Liceun ikasitako eta Berklee College Of Music-eko Masterra, konposizio eta konponketatan espezializatua. Proiektu anitzetan garatu du bere fazeta sortzailea eta bestalde, Jazz eta Musika garaikideko irakasle da Liceu Kontserbatorioan. Ibilbide luze eta oparoko musikariak beraz, bereziki Pereren kasuan, bere gustu eta joera latindar eta brasildarra pintzelkaden moduan han eta hemen sakabanatuz oraindik eta erakargarriagoa egiten baitu bilduma guzia. Juan De Diegok bere aldetik, lidergoan edo taldekide moduan Freaky trío, Juan de Diego Trío, Juan de Diego Trakas eta DEDIEGO BROTHERS taldeetan aritu izan da eta Benny Golson, Nicholas Payton, Jesse Davis, Frank Wess, Perico Sambeat, Jeff Ballard, Armando Manzanero, Olga Guillot edota Ruper Ordorikarekin lan egin izan du.

Grebalariak honetan Juanek ez ditu bere kezka soziopolitikoak ahaztu eta oraingoan La Canadiense enpresan 1919an egindako grebaren ehungarren urtemuga ospatu nahi izan du. Hari esker, beste gauza askoren artean, 8 orduko lanaldia ezartzea lortu zen eta “Greba” abesti bera borroka horri ekin eta kasu batzuetan bizia galdu zutenei dedikatuta dago. Jack Johnson boxealariari keinu txiki bat ere badakar. Garaiko txapeldun zuria gainean hartu izateak komunitate afroamerikarraren borrokaren sinbolo bihurtu zuten eta bere garaian Miles Davis handiak egin zion omenaldiaren oihartzunak entzungarri dira oraindik ere Juan De Diegoren fraseatze ederretan. Omenaldi, konpromezu eta soinu plazer hutsa.

Xehetasunak

Data:
4 uztaila
Ordua:
7:00 pm-11:00 pm

Egoitza

Getxo Jazz, Algortako geltokia plaza
Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com