- ekitaldia hau amaitu da.
RS Basque Faktor
8 azaroa|7:00 pm-10:00 pm
Dena doa emeki aldaketaren lege aldaezinean. Jakintsuak, egia esan, ez daki ezer. Desirarik eta helbururik gabe, naturaltasunez onartzen du gauzen irauneza. Ona zein txarra kontzeptu iragankorrak izango zaizkio beti, eta pentsamendu baldintzaturik, desirarik eta helbururik gabe besarkatuko ditu. Gaua eta eguna, goia eta behea onartzen dituenaren naturaltasun berberaz, oreka osoan eta zinez denarekin ados.
Ruben Salvador Gasteizko Jesus Guridi Goi Mailako Kontserbatorioan lizentziatu zen tronpeta klasikoan, eta Euskal Herriko Goi Mailako Kontserbatorioan jazz tronpetan.
Irakaskuntzan eskarmentu handia izateaz gain, estilo eta joera ugaritan barrena ibili da, berrogei disko grabatu ditu hainbat artistaren lagun. Jazzaren arloan Bob Sands, Dick Oatts eta Miguel Blancoren zuzendaritzapean aritu izan da Big Band ezberdinetan, eta Iñaki Salvador, Andrzej Olejniczak eta Ion Robles musikariekin kolaboratu du. Lanok R.S.Faktor izeneko bere proiektu pertsonalarekin txandakatu ditu: sariak eta kritikaren eta ikusleen txalo beroa ekarri dizkiote Starting eta Akufeno emaitzek.
Equanimity hau Fredi Pelaezek Pottoko Studion zuzenean grabatua da, eta Hilario Rodeirok, Ruben Salvadorrek eta Fredi Pelaezek berak bateratua, masterizatua eta ekoiztua. Hilario Rodeirok bateria jo du, Satxa Soriazuk pianoa eta Rhodes pianoa, Aritz Luzuriagak kontrabaxua eta baxu elektrikoa, Julen Izarrak saxo tenorra. Eszenako lau musikari ezagun hauek osatu dute Equanimity, Ruben Salvador zeukatela tronpeta eta fliskornoan.
Vipassana deritzan meditazio budistako teknikan inspiratua, bere sormena emeki daroan musikari baten lana dugu Equanimity, jazzarekin batera hitz egiten duten ñabardurez, kolorez eta kadentziez jositako milaka urteko arauen agindupean. Eduki adierazkor izugarria duen diskoa da, aldian aldiko unearen jakitun den artista bati bakarrik egotz dakiokeena, bere buruarekin eta zinez denarekin harmonia perfektuan. Formazioa osatzen duten musikari distiratsuek proposatutako soinu aldamioan dabil Ruben Salvador, “Anapana” hartzen duela meditazioaren hasiera gisa aire afrolatinoen hedapen erritmikoarekin, arreta arnasketak berak dakarrela. Gero “Vibration Triangle” gozagarria eta “Vipassana” dinamikoa datoz, “Equanimity” eta “Anicca” iritsi arte. Hauetan taldeak oso elkarrizketa interesgarria eskaintzen digu kontrapuntuen eta lerro melodikoen artean. “Adhitthana”-ren atmosfera iradokitzaileak –“erabaki sendoa”– bide ematen dio “Dhamma” delikatuari –“naturaren legea”–, eta horrela igarotzen da, tempo rubato sotil eder batez Panna piezaraino –«jakinduria»–, inprobisazio askeko klabean, Ruben Salvadorrek Hilario Rodeirorekin partekatzen duela egiletza. Be-bop estilo gardenean, “Samadhi” atalak –“ernetasuna”– aldaketa harmoniko ezohikoak eta melodia bihurrikatuak ematen dizkigu gure burua deskubritzeko, Salvadorrek egiletza Rodeirorekin partekatzen duela ostera. Aldez aurretik pentsatutako musika kontzepturik behar ez duen talde honek inprobisazioan barrena abiatzen da amaitzeko “Metta” lanarekin – “maitasun desinteresatua”– New Orleanseko second line-n oinarritutako erritmoan.Horrela doa Equanimity aldaketaren lege saihetsezinean zehar, jazzaren erro hizkeraren une iragankorrean, gauzen iraunezaren jakitun den musikari batek sortutako lana, oreka perfektuan eta zinez denarekin ados.