- ekitaldia hau amaitu da.
Txuma Murugarren
20 urria, 2023|8:00 pm-11:00 pm
5€Txuma Murugarrenek ez du aurkezpen handien beharrik dagoeneko, baina bere jarduera kokatzearren 90ko hamarkadan emango genioke hasera Sasoi Ilunak talde ospetsuaren sortzaile eta partaide moduan eta 2000tik aurrera, bakarlari moduan “Nire Leihoak” diskoarekin irekitako aro luze eta oparoarekin emango genioke jarraipena. Bertan estreinako diskoko doinu akustiko gordinetatik, Rafa Rueda edota Petti gitarristekin batera landutako alderdi elektriko eta trinkoagoan barneratu zen “Hegazkinen Arima” (2001) diskoan. Eta aurrera eginez, beti kurios azaldu izan da, pop-era edota elektronikara ere hurbilduz, inoiz bere sortzaile eta hitz egile zorrotzaren alderdia galdu gabe. 2014ean eman zen edozein erara, disko berri honen hazia bilakatu den mugarria. Izar & Star zikloaren barnean Txuma Murugarrenek “Nocturama” osoa jo zuen Biboko Campos antzokian, bere ibilbide artistikoa gaur arte eta betirako australiar sortzaile handiari lotuz.
Oraingoan, disko grabaketa batetan gauzatu du maitasun hori. Caven hitzak kontu handiz, xehetasun zoragarriz eta magia izpirik galdu gabe euskarara ekarri ditu. Bertan, aspalditik hainbat grabaketa edota zuzenekotan konfiantza osoko lagun izan dituen Rafa Aceves (pianoa) Miguel Ramirez (gitarra, baxua), Oriol Flores (Bateria) eta Angel Unzu (gitarrak) bere Bad Seeds partikularrak bilakatu arazi ditu. Haien tonu irmo eta kutsu zinematografikoa maisuki harrapatuz eta dotorezia ezin handiagoz jantzitako bertsio zintzo, adeitsu eta era berean guztiz pertsonal eta bihotz ukigarriak eskaini dizkigute.
Gautegia Txumaren diskografiaren mugarri da orain eta gaurtik aurrera. Bere Nick Cave-rekiko mirespen eta lilura azaltzeaz gain, Txuma bera, egile eta sortzaile berezi bezala dagokion lekuan jarri dezakeena eta jarriko duena. Handien artean, nola ez.