Abesti intimo eta indartsuak
1960 eta 1970 hamarkadetan
AEBko Top 40-ra iritsitako hainbat abesti arrakastatsu (Jan&Dean,
Sonny&Cher, Nancy Sinatra, The Byrds, Beach Boys, Mamas and the Papas, Phil
Spector…) eta beste milaka estudio grabaketen atzean talde misteriotsu bat
dago. Urte askoren ondoren eta dokumental bati esker, The Wrecking Crew izenpean
ezagutzera eman zen zeintzu ziren disko haietan benetan jotzen zuten
musikariak. Han kontatzen zenez, garai haietako musikari zaharrek talde honek
musika industriaren “hondamendia” ekarriko zuela esaten zuten eta hortik dator
izena. Baina, zer gertatuko litzateke talde hark bere kasa disko bat
plazaratzea erabaki edo ahal izan balu garai hartan?
Gorka Gaztanbidek agian bere buruari antzerako galdera egin izan dio disko hau aurrera
ateratzeko erabaki ausarta hartzean. Wrecking Crew mitiko haren antzera, Gorka
Gaztanbideren ibilbidea luze eta oparoa izan arren, beti egon izan da pittin
bat ezkutuan. Bere aztarna bilatzea ez da erraza, hainbat grabaketa
ezberdinetan sakabanatuta baitago. Broken
Brothers Brass Bandaren partaidetza da bere ezagunena, baina Adrian Royo Trio, Ennio Pinillos Quintet,
Javier Garayalde y los Sultanes del
Swing eta beste hainbat ekimenetan aurki daiteke bere ekarpen fina,
bigarren plano batetan beti. Baina ez oraingo honetan. Kontzertu eta grabaketa
haietan ikasi eta landutako ñabardura ederrenak gordetzen aritu izan balitz
bezala, gero grabaketa eta kontzertu guzi horien atsedenetan, ezkutuan, haietaz
baliatuz bere abestiak osatzen eta moldatzen eta entseiatzen aritu da, mimoz,
poliki, emeki, goxo eta arreta osoaz.
Verkami kanpaina
arrakastatsu bat burutu ondoren hemen da Txikizio
“Wreck” Koadrilaren disko ederra. Gorka
bera ahots eta bateriak, David
Burgui gitarran, Kike Arza
baxuan eta Ramon Garcia pianoan
osatutako laukote oinarrizkoa eta abesti batzuetako txikizio konplize moduan Haizea Gaztanbide ahotsean, Alberto Arteta saxo tenorrean eta Raul Arizaleta gitarran izan ditu
lagun. 10 abesti su baxuan atonduak, eta egun pare batetan naturaltasun osoz
grabatuak Javier de Mabel-en eskutik Nafarroako Sartagudako estudioan. Amaia Lasa, Angel Erro edo Gustavo Adolfo Becquer-en letrak,
Julio Anguitaren diskurtso bat erdian, jazz, folk, pop, soul, rock eta Gorkak
maite eta miresten duen musika guztien oihartzunak, maisutasunez doituak,
abesti intimo, hunkigarri eta era berean bizi eta indartsu hauen mesederako.
Ongi etorria eman diezaiogun Txikizioari..