Rock laukote bilakaturik
Mugaldekoak jatorrizko izenari Band gehituta. Horrela azaldu da Berako
(Nafarroa) taldea azken hilabeteetan, rock laukote bilakaturik, eta horrela
grabatu du lan berria, bi kantuz osaturiko singlea, Gaztelupeko Hotsak-en
Lokatzetan Play bildumaren barruan.
Edu Zelaieta idazleak
eta Beñardo Goietxe eta Raul Garcia musikariek sortu zuen Mugaldekoak, Zelaietaren izenburu
bereko poesia liburuko olerkiei musika jartzeko. Gerora beste poeta batzuen
testuak ere musikatu ditu (Joan Margarit, Wislawa Szymborska, Margarita
Robleda, Nazim Hikmet…), atzerriko abeslarien kantuak ekarri ditu euskarara
(Johnny Cash, leonard Cohen, Vashty Bunyan, Bob Dylan) kantu propioak sortu ditu, eta nolabaiteko disko trilogia bat osatu du
Gaztelupe Hotsak zigiluarekin: Biziago
sentitzeak dakarren muga inguruan (2006), Begiak lekuko (2012) eta Galdemoduen
trilogia (2017). Lan horiek aurkezteko hainbat emanaldi eskaini ditu
Mugaldekoak urteotan, gehiebat formatu akustiko eta bilduan, Edu Zelaietaren
poema irakuketak eta abestien interpretazioa uztartuz. Orain dela urtebete Mattin Arbelaitz bateria jotzailea batu
zen taldera eta Xavi Perez ‘Bull’ baxu
jotzailearen ekarpenarekin zuzenekoetako rock soinuaren aldeko apustua egitea
erabaki zuten.
Zuzeneko berriaren aurkezpen txartel gisa binilozko
single bat argitaratu du laukoteak, Gaztelupeko Hotsak-en Lokatzetan Play
bildumaren barruan. Horietako bat Velvet Underground taldearen “What Goes
On” abestiaren euskarazko bertsioa da, “Zer duzu?”, jatorrizkoa baino gitarra
zaleagoa. Kantuarekin batera New Yorkeko talde mitikoaren zuribeltzeko estetika
islatzen duen bideoklip bat aurkeztu du taldeak, Raul Garcia Etxeberriak eta
Mathilde Brugiere-Gardek egindakoa.
Singlearen B aldeak beste bertsio bat jasotzen du, Noise Hole taldearen “Zure
ondoan” abestiarena. Goietxek eta Garciak ondo ezagutzen duten kantua da, talde
horretako kideak izan baitziren 90eko hamarkadan. Australiako rockaren ildoari
atxikitzen zaion abestia da.
Lokatzetan Play single bildumaren ale berria da
Mugaldekoak Band-ena. Aurretik, Txuma Murugarren, Capsula, Jon Gurrutxaga eta
Joseba Tapiarenak argitaratu dira.