Trikitixa jotzen dut gitarra elektrikoarekin.
Aspalditik
baina, kantagintzari emana dago bakarkako ibilbidean, letraren edertasunari eta
mezu kritiko eta ideologikoari zorrotz erreparatzen dion kantutegi bat osatzen
ari da diskoz disko, eta aldi berean etengabe ari da diskurtso musikala
berritzen. Horrek eraman du tarteka soinu txikiaren protagonismoa apaldu eta
beste tresna batzuena indartzera. Eginahal horren emaitza dira orain arte
argitaratutako sei diskoak: Apoaren
edertasuna (1998), Québec. Hamar
kantu independentziarako (1999), Agur
Intxorta maite (2001), Real politik
(2006), Eta tira eta tunba (2010), eta
Tximela kapitainaren izarrak (2013).
Duela
urtebete inguru proiektu berria aurkeztu zuen Joseba Tapiak: Besamotzak taldea.
Eszenatokietan aritzeko gogoak bultzaturik, gitarra elektrikoari heldu eta bere
bakarkako diskoetako hainbat kantu eder ahaire berriz jantzi zituen beste hiru
musikariren laguntzaz: Iker Uriarte
(bateria; Betagarri), Iñigo Telletxea
(baxua; Anje Duhalde, Xabier Montoia, Borrokan, Petti…) eta Dani Narbarte (eskusoinua; Laiotz). Zuzenekoetan
bakarrik aritzeko sortu zen Besamotzak,
baina zorionez, taldearekin egindako moldaketa berriak disko batean jasotzea
erabaki du Tapiak. Hamaika kantu grabatu ditu, eta ia bere lan guztietako aleak
badaude ere, erdia baino gehiago Real
politik diskokoak dira.
Ondorio argi
bat ateratzen da diskoa entzuterakoan: Joseba asko dibertitu da diskoa egiten, gozatu
du trikitixarena zen lekua gitarrarekin ordezkatzen eta moldaketa berriak sortzen,
erritmo aldaketak asmatzen, sonoritate berriak bilatzen kantuentzat… Gitarra
elektrikoak dakar berrikuntza nagusia soinuan, baina taldearen zuzeneko jarduna
erreproduzitzetik urrun, Jonan Ordorikarekin estudioan egindako ekoizpen lanak
(sintetizadore eta programazioen bidez) azal sintetikoa erantsi die kantuei. Barruan
daraman musikalitatea irauli du Tapiak hamaika bertsio gaurkotu hauetan eta
emaitzak behin baino gehiagotan ezustean harrapatuko du entzulea, hain da
pertsonal eta ausarta abestiei emandako tratamendu musikala. Alde horretatik,
Tapia eta Leturia Banden gogo zirikatzaile eta jostalariaren aztarnak antzeman
daitezke diskoan, zeinean estilo eta soinukera diferenteak ezkontzen diren lotsarik
gabe: pasodobleak eta reggae doinuak, ska eta rock fusioa, fandangoak eta
countrya…
Rockaren
heterodoxia ordezkatzen du Joseba Tapiak. Bogan dagoen sofistikaziotik urrun,
herrikoitasunari eutsi eta disko bizi, dantzagarri eta ezberdina egin du. Bere
sormen eta musika senaren beste adibide bat da Besamotzak. Indargarri bat zaputzaren aurka.