2018ko Urrian ELKAR estudioetan Victor Sánchez-en
ardurapean grabatutako 9 doinu. Bill Evans-en “Show Type Tune” ezik Alberto
beraren konposizioak denak. Irekieran, itxieran eta
erdialdera tartekatutako hiru interludioen artean, 6 pieza luze. Lasaitasunez
dastatu beharrekoak. Albertorekin batera, Alejandro
Mingot (abangoardiako giroetan hazitako gitarra zorrotza), Kike Arza (era guztietako abenturatan
aritutako baxu bikoitza) eta Dani
Lizarragak (Lurpekariak, Broken
Brothers edota Javier Lopez Jaso
& Marcelo Escrich eta beste hamaika direla, beti sostengu emateko prest
dagoen bateria malgu bezain sendoa) osatzen duten laukote eta Chris Kase-ren tronpetak han eta hemen
egiten dituen agerpenen arteko elkarrizketa, elkarbanatzea eta komunikazioa
bere aberastasun osoan hausnartu ahal izateko. Janzkera eta ehundura dotore,
leun eta patxadatsuaren atzean dihardun suaren maite-garra sumatu ahal da
orduan eta plazer osoz, gar horiekin bat egiteko gonbiteari baietza eman ere.
Entzun : Elur Bustia