Miguel Salvadorrek mendiei eskaini die disko hau, haien edertasun
mugaezin eta lasaiari eta haien arrokek izkutatzen duten milurteko jakinduriari. Altxor errepikaezin,
pertsonal eta bakana igoera eta pasio bakoitzean eta beti eskuragarri, eskaini
nahi diogun ahalegin eta denboraren truke, besterik gabe. Inoiz asetzen ez
gaituzten berritasun itxuroso eta azkarren artean alde egiten digun denbora
preziatu hori hain zuzen ere. Zalantzarik gabe, mendien antzekoa da Miguel
Salvadorren musikaren portaera, egunero zeruertzean ikusten dugun eta dagoeneko
gure atentzioa deitzen ez duen mendi eder bat bezalaxe, hara azkeneko aldiz
noiz igo ginen ezin gogoraturik. Hain hurbil eta aldi berean beti hain urrun.
Bere gitarraren ferekak hari musikalean mila aldiz entzun dugun doinu atsegin
baten moduan aldegingo digu behar duen arreta eskaintzen ez badiogu. Mendiaren
saria igoera bakoitz eta guzietan lortzen da eta beti da ezberdina eta
bizigarria. Halakoa da Miguelen musikak jazz, swing, bossa baita bolerozko
arpegioen atzean izkutatzen duen saria eta “Hamar urte geroago” izeneko bere
laugarren disko honek (estreinakoa Project,
“viaje a Etreum” eta “Código”-en ondoren) hain dotorezia
handiz biltzen diguna. Kasu honetan gainera, Jonathan Hurtado (piano), Marcelo
Escrich (kontrabaxu) eta Gorka
Iraundegi (bateria) moduko kide fin eta apartak dituela.