Short Stories

10 

Abesti oro kontakizun motz bat da. Sortzaileen une, burutapen eta bizipenen bilduma. Bere konposizio eta moldaketen soinuak gure barnean erresonantzia berezi bat eragitean geure bizipenekin bat egiten du. Hortxe agertzen da musikaren magia azaldu ezina, musika guziena eta bereziki jazz-arena, guzietan abstraktuena, askeena eta azken batetan unibertsalena baita.

Kid Chocolate boxeolari kubatarrari omenaldi moduko azal eder horren atzean, “Short Stories” diskoa 7 kontakizunen bilduma da. Musikariek bere bizitzan funtsezkoak izan diren artista eta pertsonei eginiko 7 omenaldi. Artista mirestuen bertsioak alde batetik (Kevin Dorham, Wes Montgomery) eta pertsona kuttunenak inspiratutako berezko doinuak bestetik. Brother Jack McDuff, Lou Bennett edo Jimmy Smith-en estiloko hammond organoaren urruma goxoaz babestutako 7 abesti. Jazz garden, puru eta argitsuzko 7 une, forma berrietara mutatzeko prest entzunaldi bakoitzaren intimitatean.

Espero zitekeen moduan disko honen sortzaile den Organizing taldea eskarmentu eta trebezia handiko musikariez osatuta dago. Ez baita posible naturaltasun hain harrigarriz horrenbeste komuinkatzeko gai izatea.

Raúl Sainz de Rozas (gitarra) da taldearen liderra, bere ondoan 80ko hamarkadako Beau Geste laukotearen garaietatik eta bereziki Bilboko eta Euskal herri osoko jazzaren erreferentzia izan den Infussion taldean lagun izan duen Jose Luis Canal (hammond organoa) duela.

Raul gitarra klasikoko ikasketa 1991an burutu ondoren, Joe Pass, Carlos Gonçlavez eta Kurt Rosenwinklekin batera jazz kurtsoetan aritu da eta 1992tik Getxoko Andres Isasi Eskolako eta Donostiako Musikene Kontserbatoriko irakaslea da. Beau Geste, Melonious Monk, Kukubarre Jazz Quartet, Tercer Hombre, Guitarras Amigas (Salvador Salazar gitarra jolearekin osatutako bikotea) eta Funk Collective taldeetan aritu izan da eta Nika Bitchiasvilli bibolin jole georgiarrarekin elkarlan egin du ere.

Jose Luis Canal Iñaki Salvador eta Joshua Edelman moduko piano joleen eskutik hasi zen Jazz-aren munduan. Bere ibilbide luzean zehar Peer Wyboris, Jon Piris, Carlos Gracia, Borja Barrueta, Mikel Andueza, Dani Pérez, Víctor Celada, Gorka Benítez edo Andrzej Olejniczak moduko musikariekin jo izan du. 2015ean líder moduan egindako lehen grabaketa aurkeztu zuen 12am izenpean (Peer Wyboris eta Jon Piris-ekin batera) eta BBK Jazz saria eskuratu zeun ere 2014ean. Jazzetik haratago ere badu esperientzia Gontzal Mendibil, Kepa Junkera, El Consorcio, Pedro Guerra eta abarren ondoan edo telebistarako lanetan (ETB2, Telemadrid).

Baterian Juan Luis Castaño aurki dezakegu, Venezuelan jaioa eta Bartzelonako biztanlea orain, jazz eta latindar musikako erritmoetan aditua. Caracasen Juan Jose Landeta Kontserbatorioan eta Ars Nova musika eskolan ikasi zuen, gero New Yorkeko Drummers Collectiven kurtsoak egin zituen 1992an eta azkenik Summa Cum Laude graduatua eskuratu ere Bostoneko Berklee Music College-an. Urte horretan bertan Bartzelonara bizitzera joan ondoren, hiriko musika eszenako partaide oso aktiboa izan da orduanik Jazzsi Clubeko Jams Session saioak koordinatzaile moduan. Bilbon Joshua Edelman-en Manhattan-Bilbao Jazz Zubia grabaketan parte hartu du eta Chano Dominguez, Kike Perdomo edo Francis Pos moduko artistekin grabaketak egin ditu ere.

Azkenik, Alberto Arteta saxo jotzailea dugu, egungo jazz panoramaren figura berri eta interesgarrienetako bat zalantzarik gabe. Ohorezko matrikula eta karrera bukaerako sari berezia eskuratu zituen Pablo Sarasate goi Kontserbatorioan. Van Amsterdam Conservatorium-ean “Saxophone Jazz Bachelor” ikasketen barnean Dick Oatts, Gerald Clayton, Ferdinand Povel, Dave Douglas, Gary Foster edota Don Menza izan zituen irakasle eta kurtso amaieran bere promozioko instrumentari hoberena izendatua izan zen.  30 disko baino gehiago grabatu ditu líder eta laguntzaile moduan, haien artean bereziki aipatzekoak bere lidergoan egindako hirurak:  BAT (Moskito Records, 2014), THE LEGACY (Errabal Jazz, 2016) eta BEHAR BIZIA (Errabal Jazz, 2019).

Swing erritmo eta arima, R&B cool dotorezia, hammond organoaren epeltasun xarmagarria. Esperientzia eta gaitasuna kontakizun eta komunikazioaren zerbitzura beti.

Disko mota: disko-liburua
Argitaratze data: 2022/02/17
Artista bereko diskak
Saskira gehitu
Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com