Mundua etengabe biran ari da. Etengabe mugikor eta aldakor. Paisaia eta bertan bizi diren izaki bizidun guziak ez dira inoiz geldi, beti da mugimendua eta aldaketa; salto, korri, ehizatu, jan, hazi, puskatu, zauritu, hil eta bizi, ezer ez da egonkor gure begien aurrean. Geu ere, oinez mugitzen garenean, naturaren erritmoarekin bat egiten dugu eta orduan ikusi eta sumatzen dugu inguratzen gaituen edertasun eta aberastasuna bere osotasunean. Gure pentsamendu eta ideiak inoiz baino garbiago, eta egiazkoagoak iruditzen zaizkigu une horietan. Hala zioen behintzat, Robert Walser idazle handiak: “Pasieran ibiltzea ezinbestekoa zait animatu eta mundu biziarekin kontaktuan egoteko, zeinaren sentipenik gabe ezingo nukeen hizki erdi idatzi ez eta bertso ala prosan poema bat sortu ere” eta hala diote Jon Piris eta Iñar Sastre musiekariek “Pasieran” disko bikain honetan. Bere hitzetan, Soinuen artean pasieran ibiltzera gonbidatu nahi gaituzte bertan, armonia garaikide eta jazzaren erritmikak bat egiten duten bidean. Gerora, proiektu ireki baten moduan soinu leku berriak bisitatzeko aukera emango duen bidea ireki nahi izan dute bertan.
Baita lortu ere, “Pasieran” guzti hori eta gehiago bilakatzen baita, behin bideari ekinez eta erritmika leunari egokituz, belarriak erne, sotiltasun eta lirismo zoragarriz alde guzietatik azaltzen diren xehetasun txiki eder guziak aurkitzen hasten garenean. Bada jazz eta inprobisazio garaikidearen kutsua noski, baina horren gainetik ere, zinema mutuaren edo aintzinako txotxongilo antzerki eta itzal joko magikoen soinu banda eta doinu malenkoniatsu, oroitarazle eta hunkigarrietara garamatza sarritan. Bidean barna, istorioen eskenatokiak eta protagonisten bizipenak lagun ditugu.
2022ko apirilean Juanan Ros eren eskuz, Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan grabatua konposizio propioetan oinarritutako inprobisazioez osatzen da “Pasieran”. Kontrabaxua eta pianoa soilik, gidari dira beti eta uneoro, Jon Piris eta Iñar Sastre ren eskuetan. Ez da gehiago behar bi maisu hauek elkarren ondoan solasaldi musika aske eta zintzoan aritzen direnean.