[GALERIA] Itziar Yague eta Paul San Martin : Sugar in my Bowl
Domekan zortedun izan ginen – eguraldia kaxkarra kanpoan- Eibarko Coliseon batu ginenok orain dela ehun urteko musika, egoera eta Bessie Smith izeneko kantuak entzutera. Itziar Yagüe izan zen gidaria azalpenak egiten eta abestiak
erakusten. Paul San Martin piano jotzaile donostiarra lagun ikuskizun xumea eta indartsua eskaini zuten garai bateko “bluesaren erregina”ren ibilbidea errepasatuz bere kantuen bitartez. Arrazismoaren aurka egin zion emakumea, bizitza eta gozamenaren aldarrikapenari eginez.
Iaz kaleratu zuten “ Sugar in my Bowl” biniloa aurkeztu zuten eta bertan gizonekin egoteko gogoa eta maitasunaren aldarrikapena kantatu zuen Bessiek: “Azukre piskat behar dut nire katiluan”. Eta hori ekarri zigun Itziarrek gogora eta belarrietara: Zure gizonak ongi tratatzen bazaitu ez zabaldu larregi lapurtu ahal dizute eta. Zure gizonak gaizki tratatzen bazaitu utz ezazu, zure gizonak laga bazaitu ez zaitez negarrez geratu etxean atera eta joan tabernara.
Duela mende bat emakumeen askatasuna erreibindikatuz. Gaur egunerako ere baliogarri izan daitekeena. Konplexurik gabe tranpaldoan dantza eta mugimendu lizunak eginez. Ederra izan zen emanaldia Paul-ek maisuki pianoan lagunduz: bluesak, jazz baladak, swinga, fox eta charlestonak entzuteko parada izan genuen. Donostiarrak gaur egun blues piano jotzaile bikainenetakoa dela erakutsiz. Txandaka batak besteari kantuak proposatzen aritu ziren ordubete luzez
partiturarik, paperik eta zerrendarik gabe. Umore onez.
Gutxitan taularatzen duten proposamenaz gozatzeko parada izan genuen “Portalea musika kluba”ren 2026ko lehen emanaldi honetan. Zorionekoak gu!
Ikusi hemen argazki-galeria
Ikusi hemen bideo-laburpena
Albisteak










