Lau enara bizardun
Gaueko entziklopedia koxkorra
disko-liburuarekin ezagutu genuen 2princesesbarbudes bikotea orain dela lau
urte inguru. Helena Casas musikariak
(Pomada, Conxita) eta Marc Marcé
soinu teknikarik osatzen dute proiektu berezi eta xarmangarri hau, izan ere, pilarik
gabeko jostailu-tresnak erabiltzen dituzte pop estetika minimalista duen musika
sortzeko eta poesia letra burutsuak dituzten abestiak interpretatzeko. Familia
osoari zuzenduriko musika egiten du, eta horrela lortzen du oso zaila dirudien
zerbait: hura entzuten ari diren bitartean haurrak heldu bihurtzea eta helduak
haur.
Enaren kontuak da 2princesesbarbudes-en disko-liburu
eta zuzeneko ikuskizun berriaren izenburua. Oraingoan ere aurrez katalanez
argitaratutako lan baten euskarazko egokitzapena da (Sempre de vacances, jatorrizkoan). Hitzak euskarara egokitzen Uxue Alberdi idazleak lagundu die,
zeinak “Etxebizitza” abestian ere ahotsa jarri duen. Enarak dira hamaika kantu
hauetako protagonistak, eta dokumental ornitologiko baten antzera abestiz
abesti azaltzen digute, erritmo, melodia eta lelo itsaskorrez lagundurik, baita
umoreaz ere, nola egiten duten habia, zer jaten duten, kumeak nola hazten
dituzten, zer janzten duten, nora bidaiatzen, zerekin egiten amets… Aurreko
diskoan bezala, ahotsetan Joseba Tapiaren
kolaborazioa izan dute Casas eta Marcék.
Taldeak “musika baxua” definizioa
darabil bere proposamena izendatzeko, hainbat arrazoirengatik: pilarik
erabiltzen ez duten eta ozenegiak ez diren musika tresna txikiekin osatua
delako; adin guztietako entzuleek gozatzen dutelako, umeek zein helduek; eta xumea
eta minimalista delako, artisau erara ondua.
Zuzeneko emanaldietan Afrikako migraziotik iritsi berri diren lau enara
bizardun agertuko dira oholtzan, jostailuzko musika-tresna ugari eskura
dituztela (bateria, panderoa, pianotxoa, esku-soinua, ukelelea, hiru sokako
gitarra elekrikoa, xilofoia, melodikoa…) pop erritmoekin kontzertu eder eta
dibertigarri bat emateko prest.
Enaren
kontuak diskoaren lehen zuzeneko aurkezpenak ondorengo
data eta lekuetan izango dira:
urriak
26: Arrasate (Kulturate)
urriak
27: Hernani (Biteri)
azaroak
3: Iruñea (Civivox Iturrama)
azaroak
23: Bartzelona (EH Sona jaialdia)
abenduak 14: Errenteria (Niessen)
abenduak 15: Donostia (Tabakalera)
abenduak 26: Donostia (Larrotxene kultur etxea)
abenduak 29: Elorrio (Arriola)