Udazkenean argitaratuko da POINTS txekiarren diskoa
Talde honek amerikar kutsuko jazza eskaintzen du, konponketa guztiz
bereziekin eta originaltasun ukitu batzuekin baina. Points taldea
2007ko udaberrian osatu zen Pragako Jaroslav Jezek musika
kontserbatorioan. Pianoa eta gitarra bezalako musika tresna
harmoniatsuak baliatzen ez dituztenez, taldeko kideek askatasun
handiagoa dute adierazpideekin esperimentatzeko, askatasun handiagoa
euren arteko interpretaziozko elkar eraginak garatzeko. Tomas Hobzekek
(bateria) eta Tomas Liskak (kontrabaxua) otsatzen dute taldearen
oinarri erritmikoa, eta haizezko bik osatzen dute aurreneko lerroa,
Lubos Soukup saxo tenor eta klarinete jotzaileak eta Miroslav Hloucal
tronpeta jotzaileak. Eurek sortutako gaiek osatzen dute errepertorioa.
Getxon lehiaketara aurkeztu zen taldeak arriskuz beteriko emanaldia
eskaini zuen, ohiko jazzetik abangoardiako jazzera egin zuen, bakar
pasarte zoragarriak eskaini zituen, eta intentsitatean gora egin zuen
egiazko katarsi uneetara iristeko bere azkeneko bi gaiekin, batez ere
tronpeta eta saxo tenorra nagusitzen diren azkeneko bi gaiekin.
Getxoko Jazzaldiaren babesean kaleratuko den disko honek urriaren
hondarretan ikusiko du argia Errabal euskal zigiluaren eskutik. Laukote
hau berriro ere zuzenean entzuteko parada izango dugu azaroan, besteak
beste, Elorrioko Jazz-Blues jaialdian.