Ainara Ortega Barrenetxea (Hernani, Gipuzkoa, 1981), musikaria, biolinista, abeslaria, konpositorea eta aktorea, artista interesgarri, pertsonal eta eklektikoenetako bat da. Hemeretzi urterekin biolinista gisa lizentziatu ondoren, Donostiako Goi Mailako Musika Zentroan (Musikene) Ohorezko Matrikularekin amaitu zituen jazz kantuko ikasketak. Musikenen lizentziatu zen lehen emakumea. Musikara dedikatutako familia batean hazi zen. Harmonia modernoa, antzerkia, moldaketak, klakea, kontrabaxua, dantza, lindy hopa… ikasi zituen.
Jazz eta inprobisazio ikasketak egin zituen Sheila Jordan, Carmen Canela edo Bob Stoloff bezalako irakasleekin. Mac Jeara ‘s Band dixieland taldean hasi zen kantari, ia ehun kontzertu eskainiz 2000 eta 2004 urteen artean. “Te doy una canción” taldeko abeslaria izan zen, Iñaki Salvador pianistaren gidaritzapean. Bertan, egile-abestia jazzarekin uztartzen zuten, beste hainbat proiekturen artean, hogei urte baino gehiago eman baititu Salvadorrekin lanean. Musikeneko ikasketak amaitu ondoren, ikastetxeko hainbat irakaslerekin kolaboratu eta lan egin zuen euren proiektuetan. Agertokia eta musika partekatu du jazzeko musikari ezagunekin batera: Jorge Pardo, Bob Sands Big Band, Ilja Reijngoud, Mikel Adueza, Helio Alves, Jesie Davis, Carme Canela, Jorge Rossy, Joaquín Chacón, Victor Merlo, Hasier Oleaga, Chris Kase, Gonzalo Tejada, Daniel García, Juan Sebastián Vázquez,…
Inalanbrikak ikuskizunarekin ekin zion bere ibilbide profesionalari aktore gisa (Olga Margallok zuzendua). Vaivén Producciones-en lan askoren artean El club de las mujeres invisibles lana izan zen azpimarragarrienetako bat, 2010eko Max sarietarako izendatuak. Tanttaka Teatroa antzerki konpainiak maiz izan du bere ikuskizunetan, besteak beste, Fernando Bernuesek zuzendutako Kafka eta panpina biadaiaria ikuskizunean, aktore, biolinista eta konpositore gisa aritu zen, Jose Ramon Soroiz eta Aitziber Garmendiarekin batera. Antzerki ekoizpenetarako piezak, ipuinak, hitzak eta itzulpenak konposatu eta sortu ditu.
Pascal Gaigne konpositore ezagunaren Theo ‘s House (Rax Rinnekangasek zuzendua) film luze finlandiarraren ahots solista izan zen. Ondoren beste antzezlan batzuk etorri ziren, Mami Lebrun (Xake Konpainia), Donostia Saria 2018. Eskamak kentzen, ETB1eko telesaileko aktorea izan zen, Elena Irureta edo Barbara Goenagarekin, askoren artean. Intimidad telesailean lan egin zuen (Netflix 2022).
2024an Euskadiko Orkestrarekin batera abestu zuen Donostiako Nazioarteko Zinemaldian, Isabel Coixeten La librería interpretatuz.
2025ean, Lourdes Iriondoren musika zuzendu eta moldatu zuen , Gipuzkoako Foru Aldundiak Iriondori emandako Urrezko Dominaren ekitaldian.
Bere ibilbidean zehar, bakarlari gisa hainbat proiektu eta taldetan lan egin izan du, Mac Jeara ‘s Band, Te doy una canción-Iñaki Salvador (2009), Nevermind (2009), Imanol Donosti-Tombuctú, Eguberri Umama, Chet Baker in memoriam (2014), Kabi Alai, Arineketan, Txoria nune maite (Iñaki Salvador, 2023),… Lehen diskoa lider gisa 2015ean kaleratu zuen, Scat izenekoa, kantuen moldatzaile, konpositorea eta produktorea, baita 2021ean kaleratu zuen bigarren diskoan ere, Onin, askoz pertsonalagoa, poetikoagoa eta teatralagoa, Lesaka zeharkatzen duen ibaiaren izena daramana. 2026An So in love bere hirugarren diskoa izango da, Joaquín Chacón jazz gitarrista entzutetsuarekin ondutako lana (Bobby Martinez saxoa eta Pablo M. Caminero kontrabaxuan), Ainara Ortega egungo ahots sendo eta berezienetako bat dela baieztatzen duen albuma.
