Osagaiak
ohikoak eta ustez aski ezagunak direnean, emaitzak ere ohikoak izango direla
aurresateko eta pentsatzeko joera dugu. Eta sarritan hala bada ere, osagai
horiek Ander Garcia bezalako artista ausart, tematsu eta argi baten eskuetan
erortzen direnean ezustekoa galanta izan daiteke. Ander Garcia Trio izenpean aurkezten duen lan berri hau horixe bera
baita, ezusteko eder eta benetan zirraragarria.
Anderren
alderdi ikertzaile eta agian abentura zaleena azaltzen zaigu. Hots, Jorge Castañedaren pianoa eta Mikel Urretagoienaren bateriarekin
osatzen duen Trioaren lan benetan aparta. Ekimen honetan Anderrek euskal dantza
eta bertsoen doinuak eta metrikak abiapuntu moduan hartzen ditu inprobisazioak
lantzeko, eta era berean, inprobisazio horiek beste hainbat testuinguru
musikaletara egokitzen du haien erritmika, armonia eta beste edozein
ezaugarriekin uztartuz eta harreman aske baterako eremu aproposa eraikiz. Era
honetan ezpata dantzaren erritmoa latinoamerikar dantza bihurtzen da eta
zortzikoen erritmotik guztiz garaikide eta ezezagun den hibrido batera iristen
da edo danbolinaren erritmoa bateriara eramanez, azpi-zatiketa erritmiko sorta
berri guztiz liluragarria sortzeko gai
da ere. Aukerak eta ezustekoak milaka dira “Hamahiru” disko zoragarri honetan.