Black on White hirugarren lan honekin ibilbide bikaina egin du Mikel Gaztelurrutia pianojotzaileak , eskarmentu handiko bi musikariren laguntzarekin.
Alde batetik, Aritza Castro bateria jole barakaldarra, prestakuntza klasiko sendokoa, baita jazzaren esparruan ere. Jazzeko espezialitatean lizentziaduna da Musikenen, eta Madrilgo Sormen Musikako Eskolan egin ditu ikasketak. Artista eta talde askorekin lankidetzan aritzeaz batera, 2017an bere proiektu pertsonala finkatu zuen, Aritza Castro Project, Familia izeneko lanaren edizioarekin.
Bestalde, Javier Callen kontrabaxu jole aragoiarra izan du lagun Mikel Gaztelurrutiak lan honetan. Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorian lizentziatua, menta handiko musikaria dugu. Bere bilakaera zabalaren ondorioz, estudioko grabazio askotan hartua da parte eta hainbat artista eta proiekturekin kolaboratu du.
Black on White asmo aitorpen bat dugu, egileak bere buruarekin eta bere sormenarekin duen konpromiso hautsezina. Trazu irmo eta ausartarekin, bere manufakturako soinu polikromien benetako katalogoa erakusten digu Mikel Gaztelurrutiak. Moldaketak, ekoizpena, edizioa eta baturatze lanak Areatzako Onan estudioetan egin ditu Josue Pascual soinu teknikariarekin, jazz inprobisazio oihalaren gainean.
Everyday life bihurri eta ezustekotik Rhodes pianoan deszifratutako Night Hunter-en gaueko paisaietatik igaroz, Sting-en Tea in the Sahara zaharberrituan erakusten dituen erritmoaren taupada zein konponketa ederretaraino, Mikel Gaztelurrutiak sormenaren aukera amaigabeak gogorarazten dizkigu bere bandarekin, Moon flower edo Doors konposizio argitsuetan izandako eragin ugarietatik abiatuta, une errepikaezinak emanez Roadless travel-en kolore eta forma anitzen bidez, Heldu batentzako sehaska kantua-ren inguruak fintasunez profitatuz –bere aitonari eskainitako konposizioa–, Mikelek pianoan bakarrik exekutatutako Parentesi bikainarekin amaitzen duela.
Black on White ohar baten atzean ezkutatzen den metafora dugu, eta haren kontrakarra isiltasuna da. Ezustekoaren bila dabilen eta kontrakarrekoarekin osatzen den marra bat mihisearen gainean. Ebanoa eta bolia, beltz aldatuak eta zuri naturalak, tonua eta erdi-tonua, tentsioa eta askapena, baina batez ere Mikel Gaztelurrutia artistak bere buruarekin eta artearekin duen konpromisoaren eta printzipioen adierazpena da Black on White.