Duela bost urte ernatu zen uretako bizitzari buruzko gaia duen kontrabaxu bakar baten ideia, Surmenianek lehen aldiz jo zuenean Ama Ur, tamalez desagertutako Donostiako Altxerri jazz klubean looper batekin egindako inprobisazioa. Ordutik atzera argi geratu zen bere hurrengo opusak urarekin eta itsasoarekin bakarrik lotutako kontrabaxurako performance ausarta izan behar zuela. Bakarrik eta looper batekin lan egiteak bere buruari konpromiso estilistikorik eskatu gabe eta dinamikak kontrolatzen dituela,erraztu egiten dio jotzea artistari, ezinbesteko baldintza baita instrumentuak eskaintzen duen tinbre eta ñabarduren aberastasun guztia erabili ahal izateko. Covid aldian, looper-arekin lana onduz, obraren orkestra izaera sortzen hasi zen.
Itsas Behera – Marée Basse-ren lehen emanaldia 2022an egin zuen Frantziako Jazz à Vialas jaialdian. Bitartean, Getxoko kultur gelak musika proiektuen egoitzarako hautatu zuen, eta musika eta testua garatzen jarraitu zuen bertan, eszenarako ere hedatzen zela Araitz Lasa dantzariaren laguntzarekin.
Disko honetan, Surmenianek Marée Basse ikuskizuna osatzen duten kontrabaxu bakarrerako zortzi pieza entzuteko aukera ematen digu, libretoan sartutako testuarekin eta bonus track batekin.
Konposizioak zuzenean grabatu ziren, publikorik gabe, 2022ko urtarrilean eta 2023ko martxoan, Krisostomo Arriaga Kontserbatorioko auditorioan, estudioko lanik gabe.
Hona editorearen kezka: Gustatuko ote zaio publikoari estilo sailkaezineko proposamen hau? Ez ote da klasikoegia izango jazzaleentzat? Ez ote zaio garaikideegia klasikozaleari eta melodikoegia garaian garaikozaleari?
Surmenian bide zanpatuetatik irtetera ausartu da, badakielako bere musikak hunkitu egingo duela estilo horietako edozein gustuko duena, eta badakielako aurreiritzirik gabe entzuten dakienaren arima ere hunkituko duela. Arrazoi osoa eman behar diogu.
Maisutasun handiz jotako kontrabaxua dugu protagonista, etengabe mozorrotzen da, loopak metatu, konbinatu, biluzi eta geruza moduan malgutzen direla instrumentu magikoen forman, halako soinuzko eskultura figuratibo zein abstraktua iradokitzen digula.
Musika honek, minimalista eta hausnarrerako, begiak ixtera eta jatorrizko instrumentua zein den ahaztera gonbidatzen gaitu, gure barruko itsas horizonte zabalera begiratzera eta irudimenak hegan egin dezala uztera. Ba al dago modu ederragorik, egokiagorik Surmenianek hainbeste maite duen ozeano eta itsasoen zabalera eskuraezin, ulertezin eta aldi berean hauskor eta fin hori irudikatzeko?
Itsasoari begiratzen diogun bezala entzun beharko genuke Itsas Behera, ulertzeko asmorik gabe, erabat gainditzen gaituen edertasun misteriotsu hori barneratuz eta gozatuz.
Une horretan pentsatu behar genuke ez dela horrela, itsasoa ez dela amaigabea, ez hilezkorra, eta pixkanaka hiltzen ari garela gure bizimodu zeken eta arduragabearekin. Azkenik, gai izan gaitezke entzuteko, ikusteko eta hausnartzeko, eta une batez bada ere ulertzeko badagoela bestelako modurik egitekoak bururatzeko, eta gure esku dagoela. Eric Surmenianek egiten duen bezala, ohiko bideetatik aldenduz eta musikabide berriak esperimentatuz, entzule afinatuen gozamenerako.