Energy Thieves
Betiere nire interesa pizten du Dave Liebman bezalako musikari batek esku hartzen duen albumaren grabazioak. Gainera bikoitza da interesa albuma adiskideek eta lagunek (Mariano eta Joaquín) ondua baldin bada. Ugari dira arrazoiak, baina batek musika honen protagonistak ezagutzen dituenean berehala agertzen da batasun honek zer bide egingo duen ikusteko jakin mina.
Orain urte batzuk mintegi batean ginela, Pat Methenyri galdetu nion nola bizi izan zuen Jack DeJohnette bezalako musikari erronka jotzaile eta konplexuarekin lehenengo aldiz jotzeko esperientzia, eta Patek erantzun zidan esanez horrelako egoera baten aurrean batek musikari hori aztertzeko eta ezagutzeko ardura duela. Eta nik gehitzen dut gonbidatu hau, azken batean, gonbidatu guztiz berezia dela, gustura sentiarazi beharreko bat dela, bere onenetik abegi on hori, musikalki hitz eginez, itzultzea espero den bat dela.
Beraz, erabakigarria da errepertorioa. Skytrain lana jatorrizko konposizioek osatuta dago erabat. Hiru estilo taldetan bana liteke, eta guztietan trebeki ari da Liebman. Alde batetik, post-bop esan genezakeen moldeko gaiak ditugu, “Energy Thieves” bezalako piezak. Bestetik, rock eta funk moldeetara gehiago hurbiltzen diren gaiak daude, esate baterako, “Skytrain” eta azkenik, konposizio ilunagoak, “Gris” adibidez, Richie Beirachekin izandako kolaborazioak gogorarazten dituena.
Gai hauek grabatu zituzten saioan egoteko zortea izan nuen. Giroa, bizia benetan. Break-etan, eta pizza tarteko, luzaz mintzatu ginen musikaz eta musikariez. Gogora datozkit Davek George Cables pianista handiari egin zion gorazarrea eta Elvin Jonesekin grabatu zuen album onenetako bati, apenas ezagutzen den “Earth Jones” lanari, Kenny Kirkland piano jotzaile zuela, eginiko aipamena. Grabatzeko garaian dena zen indarra, eman ahala ari izan ziren denak, eta hori une oro entzun eta hautematen da.
Gero bigarren saio bat izan zen, Perico Sambeatek hartu zuen saxo jotzailearen lekua, eta Mario Rossyk Javier Colinarena kontrabaxuan (saio bietan Guillermo McGill izan zen bateria jotzailea). Albumaren ildo estilistikoak ez zuen aldaketarik ezagutu, eta emaitza era berean bikaina izan zen. Erraz azaltzen da: musikari bakoitzaren balioa handia izateaz gainera, “aspaldiko lagunen” aurrean gaude, kode komunak dituzte, ohituta daude era askotako musika proiektuak partekatzen.
Ondorioz, kalitate, freskotasun eta originaltasun handiko albuma da honakoa, eta ez dut zalantzarik egiten entzuleen gustukoa izango dela.
Guillermo Bazzola. Madril, 2013ko urriak 21