Getxoko Nazioarteko Jazzaldiak talde lehiaketari lehentasuna eman dio beti, hain zuzen ere, jaialdiaren muina eta jaialdiaren arrakastaren funtsa dela uste baitu. Historia osoan, lehiaketa honek arrakasta ederrak utzi dizkigu, eta joan den edizioan sorpresa handia eman zigun Wierba & Schmidt Poloniako taldearekin. Boskote horrek epaimahaiaren eta entzuleen ahobatezkotasuna lortu zuen. Hautaketa aldian deigarri gertatu zitzaigun talde horren sormenak, modu honetan, atera duen diskoaren bidez, baieztatu du epaimahaiaren zorroztasuna. Taldea Katowiceko Musika Akademia ospetsuan ikasi zuten musikari gazteek osatzen dute eta bi lider ditu oinarri: batetik, Piotr Schmidt tronpeta-jotzailea, bakarlaririk onenari emandako saria jaso zuena, eta bestetik, Michal Wierba piano-jotzailea, CDan agertzen diren taldearen hiru konposizioen egilea. Azken hori konpositore bikaina da, melodiaren sen ona eta musika kultura ondo definitua ditu. Arrakastak musika kultura horren emaitza dira. Interpretazioetan sortzaileen espirituari ez zaio traiziorik egiten, eta horren erakusgarri dira Duke Pearsonen “Empathy”, Kenny Dorhamen “Lotus Blossom” eta Billy Harperren “Croquet Ballet”. Schmidtek interpretazioaz gozatzen du eta gehiegikeriarik gabe aldaketak egiten ditu, maisulanak, bere estiloa erantsiz, makillajerik gabe. Wierbaren konposizioak, hala nola “White Darkness” bikaina, antzekoak dira, musika ausarta baina erraztasunik gabe. Bi liderrek bakarlariak nabarmentzen dituen erritmika dute oinarri eta Marcin Kaletkak, bakarka jotzean kalitate handia erakusten duen saxofoi-jotzaileak ere bi liderren diskurtsoa indartzen du. CDa entzutean, Getxoko entzule adituek sentitu ahal izan zuten energia guztia antzematen da, eta Poloniako talde hori jaialdira irabazteko etorri zela ohartzen gara, hori kontzertu osoan antzematen da eta. Maila honetako musikariei entzunda ohartzen gara Europan oraindik muga asko ditugula eraisteko. Ibilbide oparoa opa diogu urre koloreko etorkizuna duen talde honi.
FERNANDO IZA