Disko apart honen doinuetan aurkitzen duguna, Xabierren ahots eta gitarra soilik, tarteka Regina Luisa Zigaranen ahots pintzelkada sotilen laguntza bakarraz. Nahiko eta sobera disko txundigarria izan daitekeen bilduma hau osatu ahal izateko. Hitz larriak erabiltzera bultzatzen gaitu Badiolak, aho bete hortz utzi bait gaitu bere estreinako disko honek. Folk vintagea, bai.
LParen azalean Eibarko Iñaki Larrañaga artista beteranoaren marrazki bat dugu. Garai eta belaunaldi ezberdinen arteko harremanaren adierazle modura. Britainia Handiko folk revival garaiko Pentangle, Fairport Convention, Nick Drake, AEBko Tim Buckley, Robbie Basho, John Fahey edota 60ko hamarkadako euskal kantu berriko Xabier Lete edo Laboa bezalako artistak aipatzea ohikoa eta nolabait errekurtso erraza izaten da doinu xuxurlari eta pittin bat psikodelikoak gitarra soil batez interpretatzen dituen artista baten aurrean. Oso urriak izaten dira era horretako erraldoi musikalen argitasunaren izpi txikienik ere eragiten dutenak, ordea. Baina disko honen lehen notak entzun bezain pronto, dagoeneko ahaztuta eta ezinezkotzat jotzen genuen trantze moduko magia hori berpizten da. Soinu eta estetika jakin baten imitazio hutsaz askoz haratago doan identifikazioa sumatzen da.