Grabazio hau osatzen duten zazpi kantuek agerian uzten dute, lehenik, Laurent Robinok konpositore eta moldatzaile gisa duen gaitasuna. Entzuleak hainbat denbora, erritmo eta egituratan entzungo ditu gaiak, baina beti hautemango du ideia melodikoari buruzko lana, grabazio honen konposizioen ardatzetako bat. Dena den, melodia garrantzitsua bada, ez da menostekoa azaltzen den modua: diskoaren elementu distiratsuenetakoa Robinok sortutako konponketak dira. Tronpeta-fliskorno, saxo altua, saxo tenor eta tronboiaren soinu aukerak ustiatzen ditu lau haize instrumentuok baliatuz. Melodiaren garrantziaren ezinbesteko osagarria dira halaber ahotsen teknika desberdinak ere.
proiektuak, aldi berean, jazz musikaren interpreteen bi belaunaldiren konbergentzia izaera du: alde batetik, atzetik ibilbide luzea duten hiru musikari (Jacky Berecochea, Alex Golino eta Javier Juanco); bestetik, lau gazte (Laurent Robino, Baptiste Techer, Txutxi Garcia eta Unai Olabarri), beren lekua erabakitzen saiatzen jazz musikaren mundu zail eta nekagarrian.
Entzuleak freskotasuna darion disko bat du aurrean, zuzeneko emanaldia bailitzan erregistratua, esan ohi den antzera tirakada bakarrean grabatua. Ideia horrek plus bat gehitzen dio benetakotasunari, interpreteak diren bezala agertzen baitira, grabatu ondoren edizio prozesuan parte hartu gabe.




