Igor Arzuaga musikari laudioarra hil da
Iturria: Naiz
Eguna: 20/10/2026
Igor Arzuaga Gumuzio musikari laudioarra zendu da, 50 urte zituela, Aiaraldea.eus agerkariak berri eman duenez.
Arzuagak ibilbide luzea egin du musika munduan, baina beste hainbat diziplinatan ere aritu zen: marraztu egiten zuen, poesia idazten zuen –bi liburu argitaratu zituen, gaztelaniaz–, antzerkigintzan aritu zen eta Zuhaitza familiaren liburudendan lan egin zuen, besteak beste.
Bere kabuz egin zituen lehen urratsak, etxean –ama musika irakaslea zuen–, eta nerabezaroan trikitilari ibiltzen zen herriko taldearekin. Pianoa, akordeoia, gitarra, baxua, armonika… instrumentu ugari jotzen zituen.
Aretatik Bilbora egin zuen salto Arzuagak; Bizkaiko hiriburuan kalean jotzen zuen, diru eske. Ibilbide horrek Gernikara eraman zuen, eta han egin zuen topo Exkixu taldeko musikariekin. Garai hartan sortu zuen Une Latzak taldea, bere bi lagunekin eta bere anaia Julenekin osatua.
Geroago bizitzak New Yorkera eraman zuen, eta han ere trikitixa jo zuen kalean, eta une gozoak bizi izan zituen arren, prekarietatea ere ezagutu zuen. Laudiora itzulita, gatazka politikoaren ondorioak ere pairatu zituen Igor Arzuagak. Kale borrokarekin lotutako auzi batengatik epaitu zuten Auzitegi Nazionalean, bere anaia Julen eta beste lagun batekin, baina espetxe zigorrak ez ziren oso luzeak izan eta ez ziren kartzelan sartu. Bere osasunean ondorioak utzi zituen gertaera hark.
Bere egoera gorabehera, musikari sortzaile gisa ez zen inoiz gelditu eta diziplina ugari ukitu zituen, rocka, popa, punka, funka edota folka, baita musika klasikoa ere. Ruper Ordorika, Mikel Urdangarin, Josu Zabala edota Hasier Oleagarekin igo zen agertokietara, eta bakarka ere bide oparoa jorratu. Zortzi lan argitaratu zituen, eta horretaz gain beste bi Mara izenarekin.
Pablo Cabezak birritan elkarrizketatu zuen GARAn eta NAIZen Igor Arzuaga, ‘Nire begiak’ diskoa kaleratu zuenean, 2017an, eta 2018an, Larrepetit proiektua errekuperatu zutenean.