- ekitaldia hau amaitu da.
Belar Hostoak
10 azaroa, 2023|8:00 pm-11:00 pm
BLUES HOTSAK egitaraua
Txomin Artola bakarlariak (Hondarribia, Gipuzkoa, 1948) historia egin zuen euskal musikan duela berrogeita bost urte, folk aurreratuan oinarrituta oihan sortzaile psiko-progresibo zabala arakatzen zuten John Martyn, Nick Drake, Michael Chapman eta beste britainiar batzuekin pareka zitekeen abesgile alorra erakutsi zuenean. Haietakoa genuen Txomin Artola ere. Britainiar giro hartaz bertan blaitu ondoren, Haizea osatu zuen, basque prog banda historikoa Amaia Zubiriaren ahotsarekin.
1975ean egin zuen debuta bakarka, “Olaxta”rekin, eta 78an “Belar Hostoak“ekin jarraitu zuen. Walt Whitmanen poesia aberatsa bildu eta bere unibertso introspektibora eraman zuen album horretan, kantariaren beraren apaingarri harrigarriekin (eta akustikoak + flauta), Jean Phocas (baxua), Beñat Amorena (bateria), Mixel Ducau (gitarra elektrikoa) eta Robert Suhas (pianoa eta organoa) musikariekin batera. Ezinbestekoa egiten zaigu berdetasun hostotsu hezeko parajeetan kokatzea, idazkera ederreko eta musika fantasiatsuko poesia bukolikoaren eraginez.
Country-blues giro poetikoa.
Sortzailearen negozioarekiko jarrerak eta denboraren joanak ahanztuen kutxara eraman zuten albuma. Iaz, urteurrena baliatuz, zor historiko hori konpentsatze alde, Artolaren errepertorio original eta birmasterizatua biltzen duen konpaktu bikoitza argitaratu zen, baita gaur egungo grabazioa ere, modernizatua eta blues-country oihartzun nabarmenekin, bere seme Urbil Artolak gidatutako gazte talde baten eskutik eta Jon Gurrutxaga bluesmana duela mikrofonora.
“Aitak 1975eko udan konposatu zuen, etxeratze-agindu batekin batera. Whitmanen poesian aterpetu zen, eta harekin lan egiteak diktadura-ingurune horretatik ihes egiteko balio izan zion. Berak bakarrik konposatu zuen, gitarrarekin, eta gero Errobiko jendearekin grabatu zuen” gogoratzen du Urbilek, bere astia Howdy Bluegrass taldearekin, Maider Zabalegi eta Iker Laurobaren taldeekin eta Jon Gurrutxaga bluesjolearekin banatzen duen musikari grinatsu horrek.
Walt Whitmanen Belar Hostoak (Leaves Of Grass) liburutik zenbait testu euskaratu, abesti bilakatu eta argitaratu zituen Txomin Artolak 1978an. Whitmanen unibertsoan murgiltzeko Txominek sortu zituen bide horietan murgildu dira orain Dani Venegas, Andoni Etxebeste, Antxon Sarasua, Jon Gurrutxaga eta Urbil Artola, Belar Hostoak lanari keinu bat eginez. 1978ko disko hartako kantuak berrikusi eta bere erara moldatu ditu boskoteak egitasmo honetarako, haren esentzia mantendu, baina era berean, ikuspegi musikal berri bat emanez.
Dani Venegas: gitarrak, mandolina, ahotsak.
Andoni Etxebeste: bateria, perkusioak.
Antxon Sarasua: pianoa, teklatuak, esku-soinua, ahotsak.
Jon Gurrutxaga: ahotsa, gitarra akustikoa, shruti box.
Urbil Artola: weissenborn, dobro, gitarra akustikoa, whistle, ahotsak.