Ekitaldiak kargatzen

« Ekitaldiak guztiak

  • ekitaldia hau amaitu da.

Igor Arzuaga & banda

10 maiatza|8:00 pm-11:00 pm

Outsider” moduan eta beti bigarren plano batetan, pixkanaka, konturatzerako grabaketa eta emanaldi zerrenda bikaina pilatzen duten artista ezkutu eta guztiz beharrezkoa horietako bat dugu Igor Arzuaga (Bilbo,1976). Bere piano kuttunari guztiz emana, hizkuntza eta ehundura oso anitzeko proiektuetan utzi du bere aztarna dotorea. Une Latzak eta Exkixu taldeetako kide ohi eta Mikel Urdangarinen kolaboratzaile izateaz gain, bakarkako eta elkarlan puntualeko disko sorta aparta plazaratu du azken urteetan.

Luzea da Igor Arzuagaren ibilbidea Larrepetit eta Mara izenpean ere kaleratu izan ditu kantu sortak. Hainbat  disko liluragarri batzuen ondoren koordenada musikal antzekopean dakar Igor Arzuagak bere “Goxoegia” izeneko disko berri hau. Oraingoan ere, pop, jazz, folk eta elektronika uhin lurrintsu, leun eta dotoreak nahasten dira bere konposaketa eta ahots sailkaezin horren atzean. Irudimen eza edota ganorak bultzatutako ohiko disko errepikakorra ez duzue hemen aurkituko ordea. Igor Arzuaga eroso eta emankor sentitzen da Goxoegia-k sortzen duen ekosistema horretan eta bide batez, epel eta goxo  sentiarazten gaitu bere barnean murgiltzen garenean. Ingurune familiarra sumatzen da barnean (piano ederra da ia beti gidari) baina sakondu ahala, sofistikazio handiko xehetasun berri liluragarriak aurki daitezke nonahi. Hainbat elkarrizketatan aditzera eman duen lez, Igorrek musika instrumentuen arteko jolasak oso gogoko ditu, eta instrumentu bakoitzari bere espazioa, bere espresio bidea eta bere esanahia ekartzeko aukera eskaintzen dio. Jarrera horrek izugarrizko soinu paisaia aberatsa eraikitzera eraman du “Goxoegia” honetan. Aipatutako erosotasun horretan, Igor plazer ia erotiko batez bere kantuen munduaren mugak askoz haratago bultzatzera ausartu da oraingoan. Eta plazer ia erotiko berberaz goza arazten duela esan behar ere.

Aurreko bere lan gehienetan bezala disko honetako kantuak Igor Arzuagak idatziak, joak, ekoiztuak eta abestuak izan dira eta oraingo honetan gainera, grabazioa eta nahasketak ere berak burutu zituen. Bereak dira ahotsa, pianoa, baxua, gitarra, eskusoinua, perkusioa eta programaketak hein handi batetan. Baina kide egokirik gabe ez dago unibertso berezi hori sortzerik eta oraingoan lagun berberak ditu ondoan. Hots, Laura Pelayoren Flauta “abuztuak zortzi” kantuan eta disko osoaren zutabe den Larrepetit talde berbera:  Gile Iturrondobeitia, Aritza Ortuzar, Nando de la Casa, Laura Pelayo, Josu Garaita, Lourdes Ibarretxe, Julen Yarritu eta Lourdes Ibarretxe.

Larrepetit izenpean edota bere izenean baldin bada ere, Igorren lanak beti dira zirragarri, hunkigarri eta batzuetan min egin dezakeen zintzotasunez eta zorroztasuna landuak. “Goxoegia” gaur arteko bere gailurra dela esatera ausartzen gara, atzealdean gailur handiagoak gure zain daudela sumatzen dugun aldi berean.

Txundigarria da Igor Arzuagaren abilezia, janzkera ezberdin guzti horietara moldatu eta musika jarduera bakoitzaren barnean mimetizatu ahal izateko. Nabari ezina, naturala eta aldi berean bere zigilu pertsonala beti inprimatzeko gai suertatzen da pianojole laudioarra.

Xehetasunak

Data:
10 maiatza
Ordua:
8:00 pm-11:00 pm

Egoitza

Laudio, Faktoria
Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com