Ekitaldiak kargatzen

« Ekitaldiak guztiak

Txuma Murugarren

27 ekaina| 10:00 pm - 11:30 pm

Txuma Murugarrenek 90ko hamarkadaren hasieran bertan sortu zuen Sasoi Ilunak taldea. Bere lehen taldea izan ez bazen ere, ordura artekoen artean, oihartzun handiena lortu zuen, batik bat hamarkadaren bukaera aldera, 1998ko Harakina diskoa (Oihuka) kaleratu ondoren. Edozein eratan, handik luze barik taldea banandu egin zen, eta diskoaren arrakastaren bultzadaz animatuta, Txumak bakarkako ibilbideari ekin zion, Nire Leihoak diskoarekin (Oihuka, 2000). Lan akustikoa eta biluzia zen, Sasoi Ilunak-en soinutik aldendua, berezko pertsonalitatea erakutsiz eta hurrengo urteetan eskaini behar zuenaren lehen zirriborroa eskainiz.

Aktibitate ugari eta handiko garai baten abiapuntu bilakatu zen disko hura, eta berehala Rafa Rueda gitarristarengana jo zuen (PI.L.T.) aldaketaren bila, hurrengo diskoa lantzeko. Harekin eta Jose Lastra soinu teknikariarekin antolatu zuen Hegazkinen arima (Gaztelupeko Hotsak, 2001). Ekoizpen lan handi bati esker, jauzi nabaria eman zuen bere soinuak, izaera elektriko trinko eta korapilatsua hartuz hurrengo lanetan mantenduko zuen ukitu iluna ekarriz.

Soinua berriz pittin bat arinduz eta pop kutsu handiagoaz, Rueda eta Murugarrenen arteko elkarlanak segida izan zuen Gauak, neskak eta maletak hirugarren diskoan (Gaztelupeko Hotsak, 2003). Bertako musikariek oinarrizko talde finko samar bat osatu zuten eta bere hurrengo hainbat lanetan azaldu zitzaizkigun:  Rafa Aceves (pianoa), Ekaitz Hernandez (baxua), Natxo Beltran (bateria) eta Miguel Ramirez (gitarra). 2004an Jonan Ordorika Txumarekin jarri zen harremanetan Lou Reed-en zenbait abestiren hitzak itzuli eta egokitzeko. Elkarlan horretatik Lou Reed, Mila Esker diskoa atera zen. Bertan, Murugarrenek ere abesti bat moldatu zuen Joseba Tapiarekin (Smalltown). Nire anaiaren kotxeko argiak diskorako ordea (Gaztelupeko Hotsak, 2004), Templar & Birdy musika elektronikoko sortzaileekin jardun zuen. Gauza berriak esperimentatzeko beti ausart eta prest, garaiko Morr diskoetxeko taldeen indietronica eta folktronica estiloen eragin handia erakutsi zuen, pop egitura klasikoa zituzten pieza elektroniko minimalista eta ederretan.

Lan frenetiko horren ondoren, erritmo bareagoa hartu zuten hurrengo ekoizpenek. 2006an Hauxe grabatzen du Rafa Rueda eta Pettirekin elkarlanean (Gaztelupeko Hotsak 2006) eta Julen Gabiria idazlearekin batera, Mathilde maitatzeko moduak ikuskizunerako musika idatzi zuen. Azkenik 2007an kaleratu zuen hurrengo bakarlari moduko lana Marjinalia izenez (Gaztelupeko Hotsak), ordurarte jorratutako estilo guztien alderdi poliedriko ederra eskainiz: pop, folk iluna eta baita kabaret ukituak ere. Atsedenaldi handiago bat hartuta 2010ko B aldeko kantuak diskoa etorri zen (Gaztelupeko Hotsak). 2013an 14 abesti eta hamahiru istorio txiki Angel Unzu gitarristarekin (Gaztelupeko Hotsak, 2013). Txumak hitzetan eta ahotsean aritu zen soilik, musikaren konposizioa Unzuren esku lagata. 2016an Zerbait Ari Da Gertatzen Hor, rock disko sendo eta narratiboa kaleratu zuen, eta aurreraxeago Marmokak eta Itsas izarrak binilo-singlea. 2024an Gautegia plazaratu zuen, Nick Caven Nocturama diskoaren berrikuspen pertsonala.

2025 honetan Hemen Beharko Luke oparitu digu.

Xehetasunak

  • Data: 27 ekaina
  • Ordua:
    10:00 pm - 11:30 pm