ORGANIKS

10.00 

Fredie Pelaez (hammond organoa), Julen Izarra (saxo tenorra), Jose Gallardo (saxo altua), Mikel Romero (gitarra) eta Juanma Urriza (bateria) musikariek osatzen dute Organiks, 2006an Dynamic Trio taldearen bizkarrezurretik sortutako taldea, Euskal Herriko Goi Mailako Ikastegian, Musikenen. Izen handiko Ácido C, Iñaki Salvador Trio, Acid Gazz eta Ortophonk taldeen proiektuetan zailduak, taldeari izena ematen dion aurreneko album hau ondo sendotutako proiektuaren emaitza da, eta errepertorioa era askotako eszenategietan landua izan dela esan behar dugu, nola Donostiako Jazzaldian (2007ko eta 2009ko edizioetan) eta Jazz Terrace jaialdian (Gasteizko 2007ko jazzaldian) hala grooveri leku egiten dion jazzari emandako ezin konta ahala klub eta aretotan.       
Talde honek, agerikoa denez, iturri askotatik edan du: taldearen hotsak –Prestige eta batez ere Blue Note bezalako zigiluen soul-jazz katalogoarekin zorretan– dei egiten die Lou Donaldson, Jimmy Smith, Grant Green, Jack McDuff, Stanley Turrentine eta, denboran gertuago, Soulive hirukoteari. Taldearen musikaren oinarrietako bat bluesak eta rhythm and bluesak eratzen dute, soul eta gospelaren eragin melodiko handi batekin, baina betiere funka du guztia biltzen duen erritmoaren oinarri nagusia.

 

Hau guztia, baina, abiapuntua baizik ez da: konposizioen maila –gai guztiak dira taldeak berak sortuak– handia da, eta haize musika tresnen bidezko konponketak, bikainak. JB ahaltsua, Blues for 5 bopperra eta Sarea bezalako gaiak –azkeneko honetan erritmo afro-karibetarrak swing fresko eta kutsakorra biltzen baitu bere baitara– ez dira kasualitatearen emaitza. Mugaldean bezalako gai biribilak agerian uzten du talde honen gure garaiko eta aspaldikoa ez den garaiko musikaren aldeko joera. Zideko gaiarekin, berriz, Hammond B3 organoaren hots klasiko eta malgura garamatzate, organoa baita, nahitaez, talde honen azken emaitzaren eta taldearen ezaugarri garrantzitsuenen protagonista nagusia…

 

Disc Type: CD
Publication date: 2009/07/22
Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com