Ensemble berri eta zabala

14 apirila, 2024

Alex López “Sensei” Amurrioko kontserbatorioan hezita,  20 urtetako ibilbide musikala pilatu du dagoeneko duena. Iñaki Plaza, Naroa Gaintza, Chiki Lora, Xabi Aburruzaga, Iñaki Uranga edota El Consorcio-rekin aritu izan da eta Euskal Herriko, Espainako eta nazioarteko zenbait jaialditan parte hartu du. Baxujole eta kontrabaxujole ipurterrea, Avishai Cohen musikari handiaren ondoan ikasi eta aritzeak beregan izandako eragin izugarria aipatu izan du elkarrizketatan. Berezko jazz konpositorea izan arren, folkarekiko harremana eta uztarketa nola lantzen dituen bereziki deitu zuen bere atentzioa eta bere musikara ekartzen saiatu da beti. Baina agian inoiz ez orain aurkeztera datorren proiektu berri honen kolore aniztasun zirraragarriaz.

Sensei Music Ensemble 7 musikariz osatuta Avishai Coheni egindako omenaldi moduan 2020an eman zion hasiera. Baina orain, beste pauso bat eman du aurrera eta 10 kideetara hedatu du Alexek, 3 ahots gehituz eta doinuetan halako sentsualitate melodiko dantzagarri eta gozagarri bizia iradokiz. Une honetan, beraz, musikari apart hauetan oinarritzen da ekimen berezi hau: Alex López “Sensei” bera (kontrabaxua eta ahotsa), Carla Sevilla (ahotsa), Hilario Rodeiro (bateria eta perkusioa), Raquel Roche (ahotsa), Rubén Salvador (tronpeta eta fliskornoa), Estíbaliz Moyano (ahotsa), Raúl Vera (gitarra akustikoa eta elektrikoa), Irantzu Garamendi (zeharkako txirula eta ahotsa), José Luis Canal (pianoa) eta Julen Izarra (saxofoi sopranoa, altua eta tenorra). Hortaz gain, Iñaki Plaza eta Kepa Calvok gonbidapen berezipean egiten duten txalapartak eta perkusioa ekarpena dugu ere. Ikaragarrizko taldea eta ikaragarrizko aniztasuna eta erronka, baina Alexen zuzendaritzapean eta bere bisio berezi eta dotoreaz gidatuta, naturaltasun osoko izaki organikoa bihurtzen da taldea. Aurrerapen bezala ekarri dizkiguten hiru kantu kutsakor hauen aberastasun polirritmikoak ez du zalantzarako lekurik uzten.

UrduFolk jaialdian izango da taldearen aurkezpena, eta hiru abesti hauetaz gain datozen hilabeteetan pixkanaka plazaratzen joango diren beste abesti berri batzuez gozatzeko aukera paregabea izango da. Guztira 6 kontzertu emango dituzte eta guztiak oso ezberdinak izango direla aurreratu dute.

Zuzeneko animalia hutsa dela dio Alexek eta kontzerturik gabeko boladak luze egiten zaizkiola. Baina era berean, bere burua errepikatu eta doinu eta talde berberekin etengabe aritzeko asmorik ez du. Erronka zalea da eta Ensemble berri zabal honetan jauzi mortal hirukoitza saiatzeko prest dator. Zutik eta dotore lurreratu da, noski, txalogarria eta atentzio osoz jarraitzeko moduko ekimen eder honetan.

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com