Getxoko Blues Jaialdia lekuz aldatuko dute

12 ekaina, 2003


GARA 2003-06-04

Izkander Fernandez

GETXO

Getxoko Nazioarteko Blues Jaialdiaren XV. edizioa lekuz aldatuko dute aurten: Algortako Portu Zaharrean egingo dute. Hilaren 13tik 15era udalerri bizkaitarrera joango dira Euskal Herriko, espainiar Estatuko eta atzerriko artistak.
Garai batean, Arrigunagan egiten zuten; ostean, Erromoko Santa Eugenia plazan; eta aurten, plaza horretan egiten ari diren lanengatik, Algortako Portu Zaharreko aparkalekura eramango dute kontzertuetarako karpa erraldoia. Kontzertuak, beti bezala, gaueko 21,30etik aurrera izango dira, eta sarrera ere doan izango da.

Jaialdiak 60.000 euroko aurrekontua izan du. Hori ez da traba izan, «Getxoko Kultur Etxeak aurrekontu txikia izan arren bai baitaki maila handiko egitasmoak aurrera ateratzen», herriko Kultura zinegotziak, Guzman Aranagak, jakinarazi zuenez. Beste urte batez, hiru eguneko epe laburrean entzule ororentzat atsegin izango diren blues doinuak eskaintzea posible izango da.

Aurten ere, blues musikaren aberastasuna erakutsiko duten hainbat estiloren erakustoki izango da Getxo. Ekainaren 13an, lehenbizi Arima Beltza talde gipuzkoarra igoko da eskenatokira. Talde horrek doinu indartsuak lantzen ditu, hain zuzen ere, blues klasikoa rockarekin nahasten du. Ondoren, Ñaco Goñi harmonika jotzaile ezaguna joango da Getxora, Los Bluescavidas, azken sasoian bere taldea denarekin. Gainera, gonbidatu berezi gisa Raimundo Amador gitarrista izango da Getxoko jaialdian.

14rako, kontzertu bikoitza antolatu dute. Alde batetik, The Blues Devils Balearretako taldearen emanaldia izango da; eta bestetik, jaialdiko talde nagusiarena: Philip Walkerrena, hain zuzen ere. Walkerrek Grammy eta Handy sarietarako zazpi izendapen izan ditu.

Igandean jaialdira gonbidatu duten beste musikari ospetsuaren txanda izango da. Tinsley Ellisena, hain justu ere. Georgiako gitarrista horrek AEBetako hegoaldeko kutsu astuna txertatzen du, bai baladetan, bai eta blues beroenetan ere.


Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com