BBBBren inoizko disko politikoena festa bat da

26 otsaila, 2016

BBBB: ZEHATZAK ABSTRAKTUA GAINDITU DEZAN

 

Urriko iraultzaren
aurretik, 1917ko uztailan Leninek testu antologiko bat argitaratu zuen Kronstadteko ELASD alderdiaren
eskuorri batean: Esloganei
buruz
. Testuan Leninek defendatzen zuen urte bereko otsailak 27an haizatu
zen Botere guztia sovietei! esloganak gaurkotasuna galdua zuela
uztailak 4tik aurrera. Ezin zela errepikatu eslogan hura gehiago. Zenbat
kontsigna, lema eta estrategia ez ote diren mantendu ez bost hilabetez, baizik
eta hamarkada luzeetan: egoerak guztiz aldatu direnean. Artefakto kultural
baten arrakastak ere horrekin izan behar du zerikusia: egoerak aldatzen
direnean ezin dira erantzun berdinak eman. Ezin da 80ko hamarkadako punk rocka
egin 2010eko hamarkadan eta mundua irauli nahi dela pentsatu, Sobietar Batasuna
ez da existitzen, NATOren hegazkinek Bardeetan sua jaurtitzen dute, etxebizitza
eskubideak luxua dirudi, eta badirudi luxua ezin dela emantzipazioaren klabean
aldarrikatu (baina guk nahi dugu panderojole bat gure bandan), liburutegien
ordutegiak murriztu dituzte, irrati formuletako erritmo guztiak binarioak dira,
eta irrati formulen alternatiba diren gentrifikazio hertzianoak ez dira
musikalki aberatsagoak edo komunitarioagoak: esnobismoa apatia zuriarekin
konbinatzen dute.

 

Hau da Broken Brothers Brass Banden lehenengo diskoa. Disko hau errepikapen bat delako dago lehenengoa balitz bezala
egina. BBBBk ez du nostalgiarik: zelulosa nahikoa irentsi du ezagutzeko New
Orleans gaur, New York atzo, Angela Davisen sistema operatiboa instalatua
dauka. Ez du urrezko garaietan sinisten. Bukatu zaizkio energia utopikoak,
heroi etsiak bezala Iruñerriko bandak gogoa eta gorputza izan du eskualdean
azken urteotan gertatu diren eraldaketetan. Eta ikasi du musika ezin dela radio editen diktaduran garatu.
Bere funtzioa dela hiriko zabalgunean, ibai ertzean, espazio autokudeatuetan
disonantziak jo daitezela, jendeak dantza egin dezala. Inoiz entzun gabeko
erritmoak eta armoniak anatomietan barreiatzea. Musika delako komunitateak
komunitatearentzat egiten duena: multinazionalen bitartekaritzarik gabe,
elektrizitaterik gabe, haurrentzat eta aulki-gurpilean doazenentzat. Musika
dela zabala eta behar dituela batzuetan zazpi minutu, istorio bat kontatu nahi
badu Nafarroak lehendakari-ohi batekiko maitasun-gorrotoaz. Musikak, – Hau dena aldatu nahi genuke kamixeta
TV3n jantzi zuen parlamentario-ohi hark esan zuen bezala – «kapitalismo
senilaren garaiko ezinezkoaren hackerra»
izan nahi badu ezin dio ukorik egin nahi beste aipu melodiko egiteari, txaloa
perkusio tresna gisa erabiltzeari, nahi duenero Joan da Yolanda ospatzeari – diskoan ez dagoen baina
diskoan jotzen den abesti bat–. Memoria lekuez hitz egiten dute historialariek,
disko hau melodia lekuz josita dago.

Ez dago kontraesanik
teoriaren eta praktikaren artean: zurginak badaki, iturginak badaki, lehen
hezkuntzako irakasleak ere bai. Teoriarik gabe praktika alde ilunaren
hegemoniaren errepikapen bat da. González Azilu konpositore altsasuarrak esaten
omen zuen: pentsatu gabe inprobisatzen duzunean aurrez entzundako zerbait joko
duzu. Inprobisazioa prestatzen da. Abesti hautsienak, zaratatsuenak
programatzen dira. Ez baduzu praktikatzen teoria dekorazioa da, eta
eskizofrenia.

 

BBBBen disko honen logistika guztiak, ekoizpen
intelektual eta exekutiboak hautsi du musikaren eszenako egungo ordezkaritza
sistema. Hemen ez dago ordezkapenik, ez dago suplantaziorik. Amatxiak
okasiorako egiten dituen txerri hankak etxeko txerri hanka bihurtzen diren bezala da BBBBen disko hau Iruñerrian azken hilabeteotan sortu
den sare fisiko baten abangoardia lana: abangoardia ez da ezer erretagoardiarik
gabe. Ez dago kontzerturik second
line
rik gabe. Lehenengo eta bigarren pertsonen arteko mugak ezabatu badira
noizbait hau da kasu horietako bat. Lehenengo eta bigarren pertsonak animo
musikal bera daukate.

 

Broken Brothers: 24 oin, 12 ezpain,
lagunak, Atlantiko beltzean gure eskualdeko metalezko banda. Nafarroako
Gobernua troikak interbenitua dauka. CANek ez dauka bulegorik: liburuetan
soilik jakin daiteke Nafarroako Kutxaren berri. BBBBen ekialdea ez da Aragoiko
Petilla. BBBBren haizeak Haititik datoz eta Mediterraneoko ekialdeko
itsasertzera iritsiko dira.

 

1917ko urriko iraultza
1871an Pariseko Komunarem aurkako sarraskiaren erantzun gisa ikusi izan da.
Bada Pariseko Komunak boterea hartu zuenean iraultzaileek ekintza harrigarri
bat gauzatu zuten: gilotina erre zuten. BBBBren inoizko disko politikoena festa
bat da.

Hedoi Etxarte

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com