Malcolm meets Scarpa

23 urtarrila, 2024

Malcolm Scarparen ondarea bilduma honen edizioarekin betikotuko da egilea 2022an desagertu ondoren. Arreba Rosak bere garaian Malcolmek etxean kasete formatuan grabatu zuen argitaratu gabeko material eskergaren artean egindako aukeraketa zaindua dugu bilduma hau. Musikari madrildarraren herentzia musikalaren zati txiki bat, zaletuen gozamenerako. Artista aitzindari eta parerik gabeko honek,  hogeitaka argitalpen diskografikoren ondoren, berriro harritzen gaitu bere airostasunarekin eta konposizio ahalmen jenialarekin. Kamaleonikoa eta emankorra gutxik bezala izanik, eragin, estilo eta joeren uholde agortezin batez zipriztinduta dator bere obra. Erreferente gisa eta Ñaco Goñirekin batera, swing, country, jazz, musika klasiko edo kabaretetik igaroz aitzindarietako bat izan zen bluesaren munduan, bere Ray Davies eta Brian Wilson maitatuen eraginpean pop edo psikodelian egin zituen sartu-irten oroigarrietara iristeko.

Malcolm meets Scarpa binilo formatuan ere argitaratu da, diseinu grafiko landuarekin eta egilearen etapa askotako xehetasun ugariz, izan zituen aro desberdinen multzo bat xeheki emateko.

Malcolm mees Scarpa ez da adituentzat bakarrik, aitzitik, konpositore, kantari eta gitarrajole madrildar hau opari bikaina da ezagutzen ez dutenentzat eta, bestalde, letra larriz aipatzeko musikaren besarkada estu bat ematen digu guztioi, artistak bere buruari eskatzen dion leialtasuna eta bere artelanaren zintzotasuna sentitzen dugula, libro, muga barik. Artista bakan bikain baten ondare parerik ezekoa.

Malcolm Scarpa bikainaren mailako figura musikalki definitzeko orduan sailkaezina izan liteke adjektiborik egokiena. Jadanik joana den garai bat, ia dena posible zen garai bat pertsonifikatzen duen artista delako. Espero ez ziren soinuen aitzindaria, giro kostunbristen margolaria, barnerakoia bezain ironikoa. Gehienok deskubritzeke geneukan jeinu musikala, edozein gertaldiren aurrean beti aske izateko eskubidea baliatzearen aldekoa, moda eta joera arruntetatik urrun, bere musikari, bere arteari, eta batez ere bere mundu ikuskera bereziari leial izateko premisa bakarrarekin.

 

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com