Musikari handi baten sena

1 ekaina, 2012

Saltas Por Algo Jorge Abadíasentzat oso interesgarria gertatuko zen konposizioen
laborategia izango zen ziurrenik. Harena zen Musikenen ikaskide izandako lagun
batzuekin, bereziki Hasier Oleaga eta Luisa Brito portugaldarrarekin, partekatu
zuen taldearen errepertorioaren parterik handiena. Ordurako musikari handi baten
sena hauteman ziezaiokeen, nahiz eta bere izena daraman lehenengo disko honetan
baino modu teorikoagoan, intelektualagoan, adierazten zuen. Sinplifikatze prozesu
egokian, zalantzarik gabe Nevermind Trio taldeak eman dio haren ahotsa askatzeko
aukera, bere ikus-eremua zabalduz eta bere sormenari ateak irekiz.

Musikari gazteei dagokien bezala, Abadíasek ez ditu bere inspirazio iturriak
ezkutatzen, batzuk agerian uzten ditu -esate baterako, Pat Metheny eta Kurt
Rosenwinkel, jazz gitarra jotzaileen belaunaldi oso baten maisu edo totemak- eta
beste batzuk iradoki baizik ez ditu egiten, adibidez Jordi Bonell, Dani Pérez eta
John Scofield. Baina ondoz ondo etortzen diren konparazioetan beti irteten da
burua zut bere diskurtso harmoniatsuarekin eta aberatsarekin eta berea duen
idazteko moldearekin. Haren ondoan Miguel Fernández ageri da saioko hots
moderno, ilun eta adierazkortasun betearen aitzindari. Estetikaren ikuspuntutik
biak oso gertu daude egungo jazzaren aurreko ikuspegiari dagokionean, eta
konplizitate handia dago euren ahotsak hurbiltzen eta gurutzatzen dituztenean.
Marcos Sánchez (pianoa eta teklak), Javier Callen (kontrabaxua) eta Fran
Gazolek (bateria) bikain betetzen dute beren egitekoa arraildurarik batere ez duen
obra biribiltzeko.

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com